Jada urtebete da Esnearen Liga Ondarroara iritsi zela! 2009ko otsailean egin genuen lehen bilera. A zer nerbioak! Inor etorriko ote da, gai izango ote naiz gaia ondo azaltzeko, ez ote naiz hitz-totelka hasiko, amak gustura egongo ote dira, sortuko ote da talderik… zenbat zalantza!
8-9 ama elkartu ginen, eta horrela hasi ginen lehen urratsak ematen. Ordudanik, taldea pixkanaka-pixkanaka sendotuz joan da, amak elkar ezagutzen joan gara, umeak hazten, eta bakoitzaren laktantziak eboluzionatzen. Batzuk bukatu egin dira, besteak hasi…
Urtebete igaro ondoren, atzera begiratuta esan dezaket oso pozik nagoela taldean sortu den giroarekin, eta niretzat oso pozgarria dela taldera etortzen diren amak bularra emateari buruz ikasten eta ikasitakoa beste ama batzuekin konpartitzen ikustea. Aurrera begira ere, taldean aurpegi berriak ikusten ditugunez, badirudi taldeak aurrera jarraituko duela 2010ean ere.
Eskerrak eman nahi dizkizuet bihotz-bihotzez urtebete honetan parte hartu duzuen ama, aita eta haur guztiei, oso aberasgarria izan da niretzat zuen bizipenen testigu izatea eta asko ikasi dut zuekin. Eskerrik asko!
