Ondarroako taldea, urtebete martxan

2010/02/20

Jada urtebete da Esnearen Liga Ondarroara iritsi zela! 2009ko otsailean egin genuen lehen bilera. A zer nerbioak! Inor etorriko ote da, gai izango ote naiz gaia ondo azaltzeko, ez ote naiz hitz-totelka hasiko, amak gustura egongo ote dira, sortuko ote da talderik… zenbat zalantza!

8-9 ama elkartu ginen, eta horrela hasi ginen lehen urratsak ematen. Ordudanik, taldea pixkanaka-pixkanaka sendotuz joan da, amak elkar ezagutzen joan gara, umeak hazten, eta bakoitzaren laktantziak eboluzionatzen. Batzuk bukatu egin dira, besteak hasi…

Urtebete igaro ondoren, atzera begiratuta esan dezaket oso pozik nagoela taldean sortu den giroarekin, eta niretzat oso pozgarria dela taldera etortzen diren amak bularra emateari buruz ikasten eta ikasitakoa beste ama batzuekin konpartitzen ikustea. Aurrera begira ere, taldean aurpegi berriak ikusten ditugunez, badirudi taldeak aurrera jarraituko duela 2010ean ere.

Eskerrak eman nahi dizkizuet bihotz-bihotzez urtebete honetan parte hartu duzuen ama, aita eta haur guztiei, oso aberasgarria izan da niretzat zuen bizipenen testigu izatea eta asko ikasi dut zuekin. Eskerrik asko!

Advertisements

Ongi etorri!

2010/02/18

Ongi etorri Euskadiko Esnearen LigarenOndarroako Taldearen blogera!

Euskadiko Esnearen Liga irabazi-asmorik gabeko elkarte bat da, eta bularra ematea aukeratzen duten amei informazioa eta laguntza eskaintzea du helburu. Hilean behin elkartzen gara, hileko lehen martitzenetan, Ondarroako Kofradia Zaharreko lehen solairuan (Erribera kalea, 9, turismo-bulegoaren gainean; igogailua dago).

Gure bilerak zabalik daude haurdun dauden emakumeentzat, bularra ematen duten amentzat, haien senideentzat eta, oro har, amagandiko edoskitzea interesatzen zaien pertsona guztientzat. Haurrak ere ongi etorriak dira gure bileretan, noski!